«Herritar orok zerbitzu publikoak erabili ahal izatea bermatu behar da». Berria

Publicada 10 de Marzo de 2013 20:40

Fuente: Berria 2013/03/10 http://paperekoa.berria.info/harian/2013-03-10/014/001/herritar_orok_zerbitzu_publikoak_erabili_ahal_izatea_bermatu_behar_da.htm

Agus
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

URTZI URKIZU DONOSTIA

Hilaren 17an, xenofobiaren aurkako martxa egingo dute Pasaiatik Donostiara, SOS Arrazakeria elkarteak antolatuta. 40 elkarte eta taldek baino gehiagok deialdiarekin bat egitea espero du Agustin Unzurrunzagak, elkarte horretako kideak (Bergara, Gipuzkoa, 1947).

Espainiako Gobernuak egindako osasun arloko murrizketek zer eragin izan dute etorkinengan?

Atzerritarren Legean ez da aldaketarik izan. Baina iaz osasun arloan onartutako bi dekretuk eragin nabarmena izan dute. 2000. urteko Atzerritarren Legeko hamabigarren puntuak esaten du etorkinentzat nahikoa dela erroldatuta egotea, erietxe publikoetan bertakoen eskubide berak izateko. Hori pikutara joan da gobernuak egin dituen aldaketekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskubidea mantendu du Eusko Jaurlaritzak, dekretu baten bitartez; baina Nafarroan eta beste erkidego batzuetan ez. Nafarroan Espainiako Gobernuak agintzen duena betetzen ari dira; hau da, etorkinei osasunerako eskubideak murriztu dizkiete. Estatu mailan hiru egoera mota daude, eta gertatzen ari dena kaos bat da. Jaurlaritzaren helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi zen, eta azken autoak esan zuen osasun publikoa mantendu behar zela. Modu horretan, Jaurlaritzari arrazoia eman zion.

Nafarroan Osasunbideak paperik gabeko etorkinei fakturak egin izan dizkie. Nola ikusten duzu egoera?

Nafarroan une batzuetan osasun eskubidea pertsona guztientzat zen, erroldatuta egon ala ez. Orain, hankaz gora jarri da egoera. Etorkin bat larrialdi zerbitzuetara joaten bada, faktura egiten diote. Baina horren aurka badago bide bat: baliabide ekonomikorik gabe deklaratzea. Nahiz eta faktura pasa, hori ez pagatzeko aukera dago. Hala ere, jendea beldurtu egiten da fakturak ikusita. Etorkin askok ez dakite faktura ez ordaintzeko aukera dagoela, eta, ondorioz, egoerak sekulako beldurra eragiten die. Hurrengoan larrialdietara ez joatea erabaki dezakete. Beste etorkin batzuk Caritasera edo Medicus Mundira doaz, larrialdi zerbitzuetako fakturak ez jasotzeko. Baina gure ikuspegitik pertsona orok du osasun zerbitzua jasotzeko eskubidea.

Valentziako (Herrialde Katalanak) egunkari batean eskela bat argitaratu zen duela egun batzuk. Kolonbiako emakume bat zen hildakoa. Senideek idatzi zutenez, sistemak osasun txartela eman ez ziolako eta artatu ez zutelako hil zen.

Ez dakit mutur horren tamainako kasu gehiago etorriko diren, baina gerta daiteke. Valentzia da Espainiako dekretu berria betetzen duen erkidegoetako bat, eta etorkinak osasun txartelik gabe utzi dituzte. Etorkinak bakarrik larrialdi zerbitzuetara joateko aukera badu, ez dago zainduta. Jendearen osasunari kalte egiten zaio horrela, gaizki tratatzeko arriskua handituz. Argi ikusten da Espainiako Gobernuaren azken erabakiekin jendearen osasuna okertzera joango dela.

Bestetik, etorkinak zein neurritan ari dira krisi ekonomikoa pairatzen?

Ekonomia adierazle guztietan —pobrezia, langabezia tasa...— etorkinak eskaileran koska bat beherago agertzen dira. Etorkinen artean langabezia tasa %32koa da Espainiako Estatuan. Nahiz eta langabezia portzentajea handiagoa izan, etorkinen aktibitate tasa handiagoa da bertakoena baino. Horren arrazoia da etorkinen artean ez dagoela hirugarren adineko pertsonarik. Etorkin gehienak 16-45 urte bitartekoak dira. Beraz, nahiz eta asko langabezian egon, proportzionalki aktibitate tasa handia da. 2012. urtean etorkinek sinatutako lan kontratuen %90 behin-behinekoak izan ziren. Horrenbestez, nahiz eta etorkinek lan egin, haien lana oso prekarioa da.

Pobrezia kasuak ere gero eta gehiago dira etorkinen artean, ezta?

Gaur egun kalean bizi diren pertsonen ia erdiak etorkinak dira. Eta azken horietatik erdiak kalean gelditu dira euren lana galdu ostean. Caritasera, Gurutze Gorrira, janari bankuetara eta halakoetara joaten den jendeari erreparatuz gero, gehienak atzerritarrak dira. Pobrezian eta egoera txarretan daude etorkin asko. Eusko Jaurlaritzak iaz inkesta handi bat egin zuen pobreziaren inguruan. Eta, inkesta horren arabera, Europakoak ez diren etorkinak pobreziarako arrisku handian daude. Orokorki esango nuke krisiak eragin handia duela langile klasean, langileak edozein lekutakoak izanda. Baina etorkinak koska bat beherago daude, bertakoekin konparatuta.

Krisi ekonomikoa hasi zenetik, herritar batzuen mezuak entzuten dira etorkinen eta haiek jasotzen dituzten laguntzen kontra. Zer lan egiten duzue mezu horiei buelta emateko?

Badaramagu bolada luze bat estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurruen aurka lan egiten. Material batzuk sortu ditugu, kontu horiek ezeztatzeko. Zurrumurruen artean daude etorkinek prestazio soziala jasotzen dutela eta etxebizitza publiko gehienak haientzat direla. Gezur handiak izaten dira horiek, eta zenbait jendek daturik gabe zabaltzen ditu. Datuetara joz gero, ezeztatu egiten dira aipatutako zurrumurruak. Gai honekin tailerrak egiten ari gara Gipuzkoan. Errenterian, Donostian eta Zarautzen egin ditugu jada. Eta, datozen asteetan, Villabonan, Eibarren, Azkoitian, Azpeitian eta Eskoriatzan egingo ditugu. Hiru tailer izaten dira: bata, aurreiritzien ingurukoa; bigarrena, nortasunaren gainekoa, eta hirugarrena Kataluniako Xarxa Antirumors taldeko kide batekin egiten dugu. Azken horretan zurrumurruen aurkako gauza praktikoak azaltzen ditu sareko kide batek. Tailerren bitartez ahalik eta herri gehienetara iritsi nahi dugu. Eta, hortik aurrera, zurrumurruen aurkako sare bat sortzea gustatuko litzaiguke, tailer horietan parte hartu duten lagunekin.

Hezkuntzan nola ikusten duzu etorkinen integrazioa?

Garai batean tailer batzuk egin genituen, baina 2004an utzi egin genituen egoera aldatu zelako. Eskoletan eta geletan aniztasuna badago, eta lana barrutik egin behar zela iruditu zitzaigun. Hego Euskal Herrian neurri dezente hartu dira egoera hobetzeko, ikasleen integrazioa errazteko. Garai bateko egoeraren aldean, gauzak dezente bideratu dira.

Osasun zerbitzuen gaia, lan eta ekonomia kontuak eta, oro har, gizartearen egoera ikusita, SOS Arrazakeria taldekook zer eskatuko zeniekete agintari politikoei?

Krisi sakon honetan gaudenez, guri oso garrantzitsua iruditzen zaigu gizarte integrazioa bultzatzea. Hori administrazioak eta eragile sozialek egin behar dute. Horretarako arlo zehatz batzuk badaude: juridiko-legala, lan arlokoa zein kontsumokoa. Etxebizitzaren arloa kontuan hartzekoa da, baita herri edo hirietako espazioena ere: kirola egiteko lekuak, azokak... Bestalde, integrazio politikak bultza daitezke etxebizitza arloan. Herritar guztiek zerbitzu publiko guztiak erabili ahal izatea bermatu behar dute erakundeek. Kultur arloa eta identitarioa ere bultzatu beharko genuke, eta alor horretan herritarren arteko harremanak bultza daitezke. Azkenik, dimentsio politikoa dago. Gaur egun, etorkinek ez dute eskubide politikorik. Eskatzen dugun lehen pausoa da udal hauteskundeetan etorkinek botoa emateko eskubidea izatea. Zerrendetan parte hartzeko eskubidea izatea ere nahiko genuke; gutxi batzuei ematen diete aukera hori, baina diskriminazio bat sortzen da. Hiru urtez toki batean bizitzeak nahikoa behar luke eskubide politikoak izateko, Europako hainbat herrialdetan gertatzen den moduan. Arlo guztiekin lortu behar da integrazioa. Hori egiteko arrazoi praktikoak ere badaude.

        Bizilagunak21

   Caratula

Mentoría URREXINDORRA

Portada

 Refugio Karratua

MENTORÍA 2020

Ge

El Boletín de nuestro accionar

Portada Sos Racismo 03 03

Portada

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Cast

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Es
Comunicación

Revista Mugak

Mugak64 65 Portada

nº64 Y 65