Diskriminazioa gaueko aisirako lokal batean sartzeko, Aste Nagusiko lehen egunean

Argitaratua 2015(e)ko Abuztuaren 12, 13:11

Iturria: SOS Racismo Gipuzkoa

Cartel.semana.grande.donostia_17823_1

Donostia. 2015.08.12

Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak dei egiten du elkarbizitza errespetatzera eta jarrera diskriminatzailerik ez erabiltzera bestelako etnia edo atzerritar jatorriko pertsonekin, gaueko aisirako lokaletara sarrera mugatzeko eskubidea aitzakia hartuta.


SOS Arrazakeria elkarteak salaketa jaso du, joan den larunbatean, Donostiako Aste Nagusiko lehen egunean gaueko aisirako lokal batean sarrera debekatu zitzaiola magrebtar jatorriko Bartzelonako bizilagun bati, Donostiako lagunei bisita egitera etorria zena. Gazteari, bere jatorriagatik debekatu zitzaion sarrera. Haren eta haren donostiar lagunen protestak bide, denak geratu ziren aretoan sartu ezinik. Elkartea gertaera ikertzen ari da, dagokion instantzia judizialean salaketa aurkezteko.


Sarrera mugatzeko eskubideak ez du diskriminazioa babesten.
Oinarrizko eskubideen eta pertsonen duintasunaren errespetua muga gaindiezinak dira sarrera mugatzeko eskubidea erabiltzerakoan, eta inori ezin zaio sarrera debekatu publikoarentzat oro har irekia den lokal batean, bere sexu joera, jatorri etniko edo minusbaliotasuna direnak direla.


Gogorarazten dugu halako gertaerak nahi baino gehiagotan ari direla jazotzen, SOS Arrazakeriak 2014ko ekainean Donostian egindako testing batek aditzera eman zuenez. Espainiar Estatuko beste lau hiriburutan batera egindako testingak baieztatu zuen gaueko aisirako lokaletatik %37k bezeroak diskriminatzen dituela beren jatorri edo etniarengatik: pertsona beltz, latino, magrebtar eta ijituei sarrera debekatzen zaie edo sarrerarik garestiena ordainduz gero sartu ahal daitezke. Gogora dezagun administrazioak eskumena duela halako lokaletan gerta daitekeen edonolako jarrera diskriminatzaile mugatzeko, eta zerbitzu bat ukatzea jatorri, ideologia, sexu joera edo minusbaliotasunagatik Zigor kodean jasotako delitua dela.
Salaketa bideak. Hau dena dela eta, dei egiten dugu, abuztuaren zortziko larunbateko gauean gertaturikoa ez dadin berriro gertatu. Eta gertatuz gero, diskriminatua izan den orori eskatzen diogu salatu dezala, bai SOS Arrazakeriaren edo beste ezein antzeko elkarteren bidez. Gipuzkoako SOS Arrazakeria ERABEREAN sareko kide da, Eusko Jaurlaritzak sustaturiko erakundea eta 12 elkartek osaturikoa; diskriminazioaren aurkako lana du egitekoa, dela arrazarengatik nahiz jatorri, sexu joera edo genero identitatearengatik. Portaera diskiriminatzaile baten biktima edo lekuko izan bazara, arraza, jatorri, sexu joera edo genero identitatearengatik, honako helbide eta telefonoetan salatu dezakezu:


eraberean@mugak.org 943 32 18 11
sosarrazakeriak@euskaltel.net 943 24 56 27

Lokaletan sartzeko portaera diskriminatzaileen biktimak izan daitezkeenei gogoraraztekoak. Lehenik, erreklamazio orria eskatu. Eskaera honi jaramon egin ezean, udaltzainei deitu eta gertatutakoaren berri eman. Garrantzitsua da jasota geratzea ordu jakin hartan lokalean egon izana. Edozein indarkeria saihestu, dela ahozkoa zein fisikoa; gisa horretako jarrerek balioa kentzen diote gerora emango den lekukotzari. Ahal dela, gertaera diskriminatzailea ikusi duten pertsonen nortasuna lortu. Diskriminazio gaietan aditua den erakunde batera jo, aholkuak jasotzeko administrazioan erreklamazioak egiteko edo auzitegietan auzi eskeak aurkezteko.


Jasotako audio grabaketek froga balioa izan dezakete, lokalera sartzeko debekuaren ondorioz piztutako eztabaidakoak badira.
Salatzaileak edo biktimak ez du zertan kezkatu bere egoera administratiboaz, diskriminazio auzi baten salaketa egiterakoan. Lasai asko egin daitezke auzi judizialak, egoera irregularrean egonda ere.


Azkenik, administrazioari eta establezimendu publikoei proposatzen diegu:


1. Administrazioari

Publiko ororentzat irekiak diren lokaletara sartzeko portaera diskriminatzaileak zigortzen dituzten arauak argitu beharra. Polizia zerbitzuek parte hartuko duten jarduera protokoloak prestatu. Arlo horretan, egun Bartzelonan indarrean den protokoloa egokia izan daiteke beste udaletara zabaltzeko. Establezimenduen jarduera zaintzen duten departamentu edo sailetako arduradunentzako formakuntza ikastaroak, jatorri, etnia, erlijio, kultura, minusbaliotasun edo sexu joerari buruzko diskriminazio gaietan.


Justizia administrazioaren arloan, eta etorkizuneko doaneko justizia legea onartzeko prozesuaren haritik, proposatzen dugu diskriminazioaren arloan lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeak ere tasa judizialak ordaintzetik salbuetsita geratzea eta automatikoki jasotzea doaneko justiziaren onura, sindikatu, erakunde ekologista eta sexu indarkeriaren aurkako erakundeek jasotzen duten bezalaG.
Halaber, proposatzen dugu Estatuko Fiskaltza Nagusiak agindu dezala egoera testak zuzenbideko baliozko froga direla diskriminazio auzibideetan, eta kontuan har dadila diskriminazioaren aurkako araubide eta jurisprudentzia, frogaren indarraren banaketa arautzerakoan.


2. Establezimendu publikoetako arduradunei

Haien langileentzako formakuntza diskriminazio gaietan, bereziki lokalerako sarreran kontrol lanetan dabiltzanentzat. Eta, zehazki, argi ohartarazi erreklamazio orria nahi ta nahiez eskaini beharraz, sarrera debekatu zaion eta erreklamazioa egin nahi duenari.

        Bizilagunak Poster Aldatuta

 Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web