«Bazterkeriari eraginkortasunez aurre egiteko aukera galdu du Jaurlaritzak»

Argitaratua 2012(e)ko Otsailaren 7, 22:30

Immigrazioplana

Berria 07022012

SOS Arrazakeria kritiko da Eusko Jaurlaritzak proposatutako III. Immigrazio Planarekin. Besteak beste, salatu dute ez dela paperik gabeko etorkinei laguntzeko neurririk proposatzen.
 

Ainara Arratibel Gascon Donostia

Eusko Jaurlaritzaren III. Immigrazio Planak enpleguari gehiegi begiratzen diola salatu du SOS Arrazakeria elkarteko kide Mikel Mazkiaranek. «Planak ondo daude, baina gizartean dagoen ikuspegia aldatu ezean etorkinak beti izango dira etorkin», dio Mazkiaranek.

Zein iritzi duzue Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako III. Immigrazio Planaz?

Aurreko bi planekin gertatu bezala, uste dugu planak ondo daudela. Baina indar gutxi dute, eta zailtasunak daude aurrera eramateko. Planak jasotzen dituenak asmoak baino ez dira.

Zein dira zailtasun horiek?

Nagusiena eskumenena da. Azken batean, Atzerritarren Legean jasotzen eta zehazten da etorkinek zein eskubide dituzten. Hori egiteko eskumena Espainiako Gobernuari dagokio. Beraz, Jaurlaritzak ezin du esku hartu etorkinen oinarrizko eskubideetan. Egin dezakeen gauza bakarra etorkinen integrazioa sustatzeko neurri batzuk proposatzea da. Baina hori ere, muga askorekin.

Enplegua da planaren ardatzetako bat. Etorkinen integrazioa lortze aldera, funtsezkotzat jotzen dute alor horretan eragitea. Egoki iruditzen zaizue?

Bai, garrantzitsua da. Baina ikusi behar da enplegu hori zein baldintzatan ematen den. Gehienetan oso lanpostu kaskarrak izaten dira. Gainera, uste dugu behar baino garrantzi handiagoa ematen diola planak enpleguari. Berriro ere, agerian geratu da etorkinen inguruan egiten den erabilera. Demografia ikusita, argi dago etorkizunean beharrezkoak izango direla, eta horregatik eutsi nahi zaie. Egun dugun testuinguru sozioekonomikoarekin, ordea, uste dugu beste alor batzuk garrantzitsuagoak direla integrazioa lortzeko; adibidez, diskriminazioa.

Horri ez diotela behar beste garrantzi eman iruditzen zaizu?

Krisi garaietan areagotu eta gogortu egiten dira etorkinen aurkako iritziak; baita uste faltsuak ere. Planaren bosgarren ardatzean hitz egiten da bazterketari aurre egiteko neurriez. Baina proposatzen diren egitasmoak oso azalekoak eta zehaztugabeak dira. Bazterkeriari eraginkortasunez aurre egiteko aukera galdu du Jaurlaritzak. Adibidez, etxebizitza bat izatearen garrantziaz mintzo da plana, eta aitortzen du etxebizitza bila doazenean etorkin batzuek bazterketa pairatzen dutela. SOS Arrazakeriak Bilboko etxe agentzietan egindako ikerketan agerian geratu zen. Baina ez da neurririk proposatzen halako egoerei aurre egiteko. Zergatik ez egin protokolo bat horri buruz? Edo zergatik ez erraztu erroldatzea? Integrazioa hortik etorriko da.

Hezkuntzaren gaia ere jasotzen da planean?

Bai, argi dago hezkuntza funtsezko tresna dela etorkinen belaunaldi berriak gizarteratzeko. Baina proposatzen dituzten neurriak iritsi berri direnentzat dira. Baina hemen jada badira etorkinen bigarren eta hirugarren belaunaldiak, eta horiek hezkuntzan izan ditzaketen arazoez ez dute ezer esaten.

Etorkinen parte hartze politiko, sozial eta sindikala bultzatzeko beharraz esaten denarekin ados zaude?

Ondo dago, plan guztietan aipatzen dute. Baina gero ez da egiten. Hori bultzatzeko bidea izan daitezke etorkinen elkarteak, baina gero ez zaie laguntzarik ematen. Ez dira bultzatzen.

Paperik gabeko etorkinen inguruan ez da ezer aipatzen. Kezkatzekoa, ezta?

Bai, guztiz. Aurrekoak, behintzat, kontuan hartzen zituen. Baina honetan ez da neurri bakar bat ere jaso haien egoera hobetzeko. Ez ikusiarena egiten dute haien aurrean, baina muturreko egoerak haiek jasaten dituzte. Lan kontraturik eduki ezean, eta bertako norbaitekin ezkonduta ez badaude, hiru urte behar dituzte errotzea lortzeko. Zergatik ez baliatu hiru urte horiek paperik gabe daudenei prestakuntza bat emateko? Ematen du paperik gabeak ezin direla gizarteratu. Baina, gure ustez, irregulartasuna eta integrazioa erabat bateragarriak dira. Hori argi dugu.

Nondik nora joan beharko lukete immigrazio politikek?

Garbi izan behar da etortzen direnak geratzeko datozela. Horrek izan behar du politiken abiapuntua. Hortik aurrera, xedea izan behar du eskubide berdintasuna aitortzea eta bazterkeria egoerei aurre egitea. Izan ere, halako egoerak luzatzen badira, gizarte arazo larri bat gerta daiteke. 2005. urtean Frantzian gertatu ziren istiluak ikusi besterik ez dago.

Ez dirudi, ordea, politikak bide horretatik doazenik. Kezkatuta al zaude PPren gobernuak har ditzakeen neurriekin?

Denek dakigu PPk zein immigrazio politika jarri dituen martxan. Orain, fluxua txikiagoa izanda, ez da haien lehentasunetako bat. Baina esana du paperik gabekoen egoera erregularizatzeko tresnak kenduko dituela. Horrek bazterkeria gehiago ekarriko du.

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web