ATERPE GUZTIONTZAT!

Argitaratua 2021(e)ko Urtarrilaren 13, 10:17

Iturria: Hiritarron Harrera Sarea

Dscf8625-800x533
Foto: Santiago Farizano (Donostitik)

Hiri honetan etxerik gabeko pertsonek bizi duten arretarik gabeko egoeragatik kezkatuta dauden hainbat talde eta erakundek prentsaurreko honetara deitu dugu, udal baliabide nahikorik ez dagoela eta dauden protokoloen funtzionamendu zalantzagarria salatzeko.

Azken egunotan izozteak bi heriotza eragin ondoren (bata Zarautzen eta bestea Hendaian), Donostian bizi den egoerak beste ezbeharren bat eragin dezake.
Donostiako Udalak jarduera-protokolo bat badu, hotzaren gela deitzen diotena, tenperatura 5ºC-tik behera jaisten denean etxerik gabeko pertsonek gaua igaro dezaten arautzen duena. Gaur egun, espazio horrek 20 lagunentzako bakarrik du lekua, eta Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak (GLUZ) dira erabakitzen dutenak kupo txiki horretan nor sartzen den eta nor ez, pertsona bakoitzaren zaurgarritasun espezifikoari buruzko katalogazio baten arabera.

Joan den urtarrilaren 5etik, 5ºC-tik beherako minimoak zituzten hainbat egun igaro ondoren, espazio horrek ateak ireki zizkien GLUZeko zerrendan zeuden pertsonei, eta egoera oso tamalgarriak gertatu ziren. Hasteko, zerrenda horretako pertsona guztiak ez dira Ubako aterpetxera joan egunotan, eta aurten han dago hotzaren gela (bidenabar esan dezagun, oso periferikoa dela). Erakundeen aldetik informazio kontrajarriak jaso ondoren jarraitu beharreko protokoloei buruz, Harrera Sareak, herritarren beste kolektibo batzuen laguntzarekin, behin eta berriz eskatu behar izan zuen ateak irekitzea, hotzaren gela horretan plaza libreak zeuden arren GLUZeko zerrenda horretan ez agertzeagatik onartzen ez zituzten pertsona batzuei. Pertsona horiek Ubara joatearena antolatu bada ere, gaua han igaro ahal izan dutenak goizeko 8:00etan aterarazi egin dituzte, inolako garraio-aurreikuspenik gabe, eta oinez itzuli behar izan dute mugitu ohi diren lekuetara, askotan hiriaren erdigunera. Eta hori guztia espazio hori berehala ixteko arriskua dagoelarik, eguraldi-aurreikuspenek 5ºC horiek baino tenperatura baxuagorik ematen ez duten unean.

Hori dela eta, udal-protokoloen arbitrariotasuna salatu nahi dugu, argi eta garbi erakusten baitute ez dagoela baliabide nahikorik kalean dauden pertsonei arreta emateko, eta orobat, egun hauetan bizi izan dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan, oso jarduera zalantzagarriak izan direla erakundeetako agenteen (eta baita udaltzainen) aldetik ere. Esan liteke norbait izoztuta hil arte edo kalte larriak jasan arte itxaroten ari direla zentzuzko udal-araudiak prestatzen hasteko.

Horrez gain, uste dugu udalak bere gain hartu behar duela negua hastear zegoela eragindako etxe-hustuketen (azkena, Infernuko eraikinetakoa) ondorioen gaineko erantzukizuna; izan ere, kale-egoeran dauden pertsonen talde handiari dozenaka gehiago gehitu zitzaizkion, ostatu hartzeko eta laguntzeko neurri alternatiborik planteatu gabe, eta, are gehiago, modu autonomoan aurkitzen dituzten klima- gorabeheretatik babesturiko txokoetan gaua igarotzea eragotzi egiten zaiela.

Eta, beraz, Udalari eskatzen diogu bete dezala hotzaren aurkako babes sistema sortu zeneko helburua. Ez diezaiola atea itxi egun hauetan kalean dagoen inori. Behar izanez gero, plaza gehiago presta ditzatela; ez ditzatela kalera bota goiza hasi orduko.

Egunean zehar zerbait beroa jan ahal izan dezaten eta hotzaren aurkako ekipamendua eman dakien. Eta Udaltzaingoa izan dadila, kaleak patruilatuz, egoera horretan dauden pertsonei hotzaren aurkako sistemaren berri ematen dietenak eta bertara eramatea eskaintzen dietenak.

Hutsune instituzional horrek dirauen bitartean, dokumentu hau sinatzen dugun hiritarren kolektibook elkartasun aktiboa praktikatzen jarraituko dugu, bai etxerik gabeko pertsonei informazioa emanez, eta erakundeak jardutera behartuz, bai janari beroko platerkada batekin edo manta eta beroki-arropekin etxerik gabeko pertsonei lagunduaz, baina beti oso argi izango dugu hori guztia erakundeen erantzukizuna dena partzialki estaltzeko adabakiak baino ez direla.

Firmas

        Bizilagunak Poster Aldatuta

 Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web