Borreroari ordaindu

Gogorregiak ziren irudiak gure sabel bigunentzat. Hainbeste gizaki jipoituta, eskuak edota oinak zirpilduta, aurpegia desitxuratuta edo kaskezurra odoletan zutela, gomazko piloten zartadek ubelduta, hesien gainean dauden alanbre arantzadunek egindako ebaki izugarriak gorputzaren edozein ataletan zituztela… halako sarraski baten erantzule bagina bezala aurpegiratzen zitzaizkigun. Izan ere, erantzule ginelako. Irudiak gordinegiak ziren Giza Eskubideen defendatzaile sutsuenak, baita Zibilizazioen Aliantzaren aitzindariak bezala geure buruz dugun oniritzi panpoxa zarta ez zedin. Eta gainera, izugarrikeria hori guztia erasoei bortxaz erantzuten ez zieten pertsona batzuen aurka egiten zen. Gosea eta gerra beste errealitaterik ez duten herrialdeetatik ihesi abiatu eta hesi errukigabea gainditu ondoren lana aurkitzea beste xederik ez zuen jendetza baten aurka.
Horrexegatik, Espainiako gobernuak, partiduen zuzendaritzen eta hedabideetako jauntxoen kakaraka entzunda, ihesbide bat aurkitu du: borreroari saria ematea bere lana burutu dezan. Horixe baita Marokoren eginkizuna istorio honetan. Ezagunegia delako, ez dago gogora ekarri beharrik herrialde horretan pairatzen den giza eskubide falta, berme juridikoen gabezia, Saharaz hegoaldeko jendearenganako arrazakeria, bertako segurtasun gorputzen ospe beldurgarri bezain merezia… Edozein kronika edo kontakizun irakurtzea nahikoa da horretarako, giza eskubideen zaintzaz arduratzen diren nazioarteko erakundeen edota bertako erakunde ez gobernutarren txosten landu eta potoloak aztertzen sartu gabe. Hauetaraino jo ezkero, berriz, Nazio Batuen babespean leudekeen asilo eskatzaileak ere nola kanporatzen dituzten herrialde horretatik jakiten ahal da. Bada erregimen horri eskatu dio Espainiak saia dadila lan hitsean, Espainiako nahiz Europako kutxetatik helaraziko zaizkion dirutzen truke. Eta, noski, Marokok lan horri gogotik ekin dio.
Alde batetik, Ceutako hesian eginiko tiroketan bost lagun utzi zituzten zerraldo, eta dozenaka geratu ziren balaz zaurituta. Ondoren, hainbat lekutan, baita Rabat edo Casablanca bezalako hiri nagusietan ere, eginiko sarekadetan, ehunka etorkin atzeman zituzten eta manu militari kanporatu zituzten. Oraingoan, ordea, bazen berezitasun anker bat: lehen ohikoa zen bezala Aljeriarekiko ipar mugan dagoen Oujda-ra bideratu beharrean, etorkin atxiloez lepo zihoazen autobusetako asko hegoaldeko Aljeriarekiko edota Mauritaniarekiko mugara bideratu ziren, basamorturik idorrenera. Eta han botata utzi zituztenetako hainbat, dozenaka oraingoz, dirudienez, hil egin dira, egarriz eta gosez. Bidenabar, Ceuta eta Melillako mugetaraino ekarritako militar marokoarren presentzia ere nabarmendu da: beste sei etorkin hil zituzten balaz Melillako hesian, hamalau zauriturekin batera.
Espainiako gobernuak, halaz eta guztiz ere, lehendanik Marokoko gobernuarekin sinatua zuen hitzarmena berpiztu eta hesia zeharkatua zuten etorkinak segurtasun gorputz horiexen eskuetan uzteari ez zion muzin egiten. Noski baino noskiago, ehunka pertsona horientzat honek suposa dezakeena, hain gordinak egiten zitzaizkigun irudiak baino are gogorragoa izango da. Baina orain hiltegia etxetik askoz urrutiago daukagu. Lasai egin dezakegu lo.

 Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web