Babes eskubidea gero eta prekaritate handiagoan

“Herrialde batera legez iristeko bide guztiak itxita daudenez, iheslari askok, mugalari ilegalengana jotzen dute, horrek dakartzan arriskuak eta dirutzak ordaindu beharrak ezagutu arren. ¿Nork eragiten ditu delituak? Beren herrialdeetatik ihes doazenek, edo beren erantzukizunei muzin egiten egiten dieten estatuek?” Horrela mintzo dena ez da elkartasunaren munduko edozein (jakina denez, oso jende erradikala), baizik eta Ruud Lubbers, Nazio Batuen Goi Komisarioa errefuxiatuentzako, Genevan, joan den abenduaren 12an. Eta entzuleak ere ez ziren nola nahikoak, izan ere, han zeuden 1951ko uztailaren Konbentzioa sinatu zuten 143 Estatuen ordezkariak, ministro-konferentzia batean bildurik. Eta ez da noiznahi biltzen den horietakoa, zeren nazioarteko hitzarmena sinatu eta justu berrogeita hamar urte betetzen zirenean lortu zuten aurreneko aldiz bilkura bat egitea. Hala ere emaitzak ez ziren oparoak izan, zeren ez zen adostasunik erdietsi, ez iheslariak saldo handian iristen direnean babesteko protokoloa prestatzeko eginkizunetan, ez Konbentzioaren errespetoa hobetzeko neurrietan, ez eta migrazio ekonomikoaren hazkundeak asilo-eskubidea deusez ez dezan egin beharrekoetan. Munduan 22 milioi dira, horrela errekonozituak, iheslariak, asilo-eskatzaileak, deserriratuak edo aberrigabeak. Europar Batasunean, iheslariak ez hartzearren aitzakia aitzakiaren gainean jartzen dira: gehiegi direla, emigrante ekonomikoak direla, edo Estatuen artean ez direla modu ekitatiboan banatzen, baina Ruud Lubbersek gogorarazten zuen bezala, badira Iran edo Pakistan bezalako herrialdeak, lau milioi afganiar jasotzen dituztenak. Horrela nabarmentzen zuen Europar Batasunak hartzen dituen lekuz aldarazitakoak, munduan babes bila dabiltzanen parte ñimiño bat besterik ez dela, eta hori, aipatu gabe, jende asko deserriratzeko arrazoia izaten diren gatazkak, maiz herrialde garatuetako gobernuek eta interesek eragindakoak izaten direla. Ukaezinezko egiak dira, eta gezur ofiziala nabarmen uzten dute. Izan ere, Europan dabilen diskurtsoari sinistuz gero, tropelka inguratzen gaituzte asilo-eskatzaile faltsuak, gure legeriaren eskuzabaltasunari iruzur eginez gure mugak igaro, gure lurretan bizi eta kanporaketa-neurriak saihestu, beste asmorik ez daukatenak. Diskurtso hori plazaratzean Europako gobernuek, xenofobiaren hazia zabaldu besterik ez dute egiten. Azken hamarkadan joera argia izan da gure herrialdeetan: asilo-eskubidea gero eta prekaritate handiagoan jartzea, garai bateko garantiak murriztuz eta ezabatuz. Gainera, auzitegiek politika hori geldiarazten saiatzen direnean, gobernuek aurkitzen dute berearekin aurrera egiteko modua. Horrela, Alemanian, 1997an debekatu egin zitzaien asilo-eskatzaileei lanean aritzea, baina hainbat auzitegitan epaiak eman direlarik asilo-eskatzaileen errekurtsoak onartuz, Gobernuak erabaki du, joan den azaroan baietz, asilo-eskatzaileek lan egin dezaketela, baina herrialdean egoitza dutela urtebete pasa ondoren, eta lanpostu hori betetzeko ez bada ez Alemaniako ez Europar Batasuneko hiritarrik. Arrazoibide zitalik bada, nekez aurkituko da honako honi lehen tokia kenduko dionik: asilo-eskatzaileei gauzak erraz jartzen bazaizkie (esate baterako, haien eskabidea erantzuten den bitartean lan egiteko aukera emanez), “dei-efektua” sortu daitekeenez, hoberena estatus hori hondatzea izango da, ahul eta babesgabe uztea, hartu den bidea, alegia. Entzuten dugunean asilo-eskubidea arautzen duen Europako legeria bateratu egin behar dela, berehala pentsatzen dugu hori aurrera eramateko aukera betiere kanpoan dagoen eredurik okerrenera joaz egingo dela. Ikuskizun dago zer gertatuko den berehalako etorkizunean aipatu dugun lan egiteko eskubide horri buruz. Une honetan hiru sistema nagusi daude Europan: lehenengoan asilo-eskatzaileek erabat debekatuta daukate lan egitea: Frantzian, Italian, Danimarkan, eta orain dela hilabete arte, Alemanian (kontatu dugun bezala aldatu baita); bigarren sisteman, badago aukera, zenbait baldintza bete ondoren, gehienetan denbora-zati bat pasa izana eskabide-prozedura abaiarazi zenetik (lau, sei edo bederatzi hilabete) horrela, Erresuma Batuan, Herbeheretan, Suedian eta Espainian (6 hilabete); Suitzan, Norvegian, Finlandian eta orain Alemanian, aukera hori bakarrik dago beste ezein hiritar nazional edo atzerritar egoiliar ez badago lanpostu horren eske. Azkenik, Grezian eta Portugalen, asilo-eskatzaileek lan egiteko eskubidea daukate, baldintza berezirik gabe. Europar Batasunak EURODAC izeneko fitxategi informatizatu bat prestatu du hamalau urtetik gorako asilo-eskatzaile guztien hatz-markak biltzeko. Hitzarmen komertzialen mehatxupean, askotan behartzen dira beste estatu batzuk beren lurraldetik pasa diren asilo-eskatzaileak hartzera, batere kontuan hartu gabe zer nolako fidagarritasuna daukaten estatu horiek asilo-emaile gisa. Asilo-eskatzaileak, Europar Batasunean sartu zen estatuan eskatu behar du asiloa, beste aukerarik gabe. Danimarkan begiratzen ari dira ea bideragarria den uharte batean edukitzea delituren bat egin duten asilo-eskatzaileak. Haiderrek, Austrian, “errefuxiatu” kontzeptua birdefinitu” behar dela esaten hasi da: europar jatorrikoei ez litzaieke aplikatuko, eta besteek, nahitaez beren jatorriko kontinenteko herrialde batean egin beharko lukete eskabidea. Seihileko honetan zehar, Europar Batasuneko espainiar lehendakaritzak, asilo-prozedurentzako areteztarau berriari ekingo dio. Txarrena gertatuko al da?

Bizilagunak 2019

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web