Txostena: Arrazakeria Estatu espainolean

SOS Arrazakeria Elkarteen Federazioa

1995etik, Espainiako eta Europako arrazakeriaren eta xenofobiaren egoera aztertzen ari da Estatu espainoleko SOS Arrazakeria Elkarteen Federazioa, haien tipologia eta agerkunde ezberdinak agerian ipiniz: atzerritartasun eta babes politikak, ultraeskuinaren gorakada, lanbideetako diskriminazioa, polizia gorputzen gehiegikeriak edota eraso arrazistak. Arazo hauexek eta beste hainbat arakatzen dira Urteko Txostenaren hamazazpigarren edizio honetan ere.

SOS Arrazakeria Elkarteen Estatu mailako Federazioa osatzen duten lurraldeetako bakoitzak aholkularitza zerbitzu bat du Aholkularitza eta Salakuntza Bulegoa-Oficina de Información y Denuncia, OID, deitzen dena (Servei d’Atenció i Denúncia per a les Víctimes de Racisme i Xenofòbia, (SAID), Katalunian). Zazpi bulego dira guztira Oviedo, Bilbo, Donostia, Iruñea, Zaragoza, Bartzelona eta Madrilen. Bulego hauetara iritsi diren salakuntza guztietatik 92 hautatu dira Txosten honetan argitaratzeko.

Arraza edota etniazko diskriminazio kasuei buruzko legezko estatistika datu ofizialik eduki gabe jarraitzen du Espainiak. Horregatik, hemen aurkezten ditugun kasuek ez dute hauta estatistikoa izateko asmorik, eta eginkizun hori gobernuari legokioke. Hala ere, arrazakeriaren agerpen ezberdinen adierazpentzat hartzeko balio dutela uste dugu.

Txostena osatzeko erabili ditugun iturri nagusiak geure OID-Aholkularitza eta Salakuntza Bulegoetan jasotako kasuak izan dira, hala nola Arrazakeria eta Xenofobiari buruzko Ikerketa eta Dokumentazio Zentroak eginiko prentsa idatziaren azterketa zehatza.

ATZERRITARSUN POLITIKA ESTATU ESPAINOLEAN. INEk argitaratu dituen behin-behineko datuen arabera, 2011ko urtarrilaren 1en Estatu osoan erroldaturiko pertsonen kopurua 47.150.819 zen, eta horietatik 5.730.667 atzerritarrak ziren , hau da, erroldan inskribaturik daudenen %12,2. Erroldaturiko pertsona atzerritarren kopurua 17.067tan gutxitu da 2010reko errolda kontsolidatuaren aldean. Europar Batasunetik kanpokoei dagokienean, gutxitzea 59.386koa izan da, Batasunekoak 42.319 gehitu diren bitartean. Espainiar populazioaren langabezia tasa %19koa den bitartean, atzerritarrena %32koa da. Populazio immigrantearen lanbide egoera hain etenkorra denean, Atzerritartasun Araudi berria aldarrikatu du gobernuak iragan apirilean. Arautegi berri honek irregulartasun gaineratuak, hau da, lan eta egoitza baimena eduki ondoren lanik eta langabezia diru-laguntzarik gabe geratzeagatik baimenak berritu ezinda aurkitzen direnen egoerak konponbideratzeko aukera galtzen du.

Egoera hau, bestalde, larriagotu egiten da kasu askotan berritu ezin den baimenaren jabe zen pertsonak bere familia ere barneratzen duenean, ekonomikoki haren baita daudelakoz familiartekoak.

2011n egin diren beste arau berrikuntzen artean aipatu beharrekoa da, kritikoki, uztaileko Ministerio Aginduaren bitartez Errumaniako hiritarrei berrezarri zaien lan baimenaren mugapena.

Txosten honetan azpimarratzen ditugu geure bulegoetara iritsi diren hainbat salaketa Atzerritarren Bulego batzuetan ematen diren praktika gaiztoei buruz: legean agertu ez arren eskatzen diren beharrik gabeko betebeharrak, adierazpen iraingarriak, etab.

Mugen externalizazioaren ondorio lazgarriak ez dira samurtzen. 2011n 84 hilotz jaso ziren eta 114 pertsona desagertutzat eman dira. Bestalde, eta auziak dituztenen kasuan bakarrik gauzatzen direla kanporatzeak sinestarazi nahi bada ere, egia konplitua da, Barne Ministerioak berak eskainitako datuen arabera, kanporatutako atzerritarren %20k ez zuela inolako aurrekaririk

Zentro Itxiak hizpide izan dira azken bi urte hauetan, haien funtzionamendua zuzendu behar duen araua egin behar dela eta. Azkenean 2012an delako araudiaren zirriborroa aurkeztu bada ere, mugimenduko elkarteetatik gehien kritikatu diren ikuspegiei atxikita jarraitzen du lehen idatzaldi honek: AZIak presondegitzat hartzen ditu, bertaratuen oinarrizko eskubideak eragozten jarraitzen du, Atzerritartasun Legearen arabera mugaturiko eskubide bakarra nahierara ibiltzekoa soilik litzatekeenean. Zuzenbidea ez dadila AZIen atarian gera plataformak zentro itxi hauen izatea eta baldintza negargarriak salatzen jarraitu du. Ekainean eman zen argitara Estatu osoko 350 elkartek sinaturiko agiri bat, non eskatzen baitzitzaion Gobernuari berma zitzala AZIetan dauden pertsonen eskubideak. Madrilgo AZIan mediku sorospen gabeziagatik hil zen Samba Martine-ren heriotzarekin amaitu zen 2011. urtea. Kongoko hiritarra zen Martine gutxienez hamar aldiz joana zen zentroko osasun zerbitzuetara, diagnostika zezaten lortu gabe eta analgesikoak baino jaso gabe. Meningitisak hil zuen 38 egun itxita zeramatzanean. Haren heriotzaren nondik-norakoak ez ziren argitu eta erantzukizunak ez ziren kitatu.

Estrategia ezberdinekin eta era askotara kriminaliza daiteke immigranteen jende-multzoa. Haatik, 2011n eta aurtengo urtean ere elkarteek eta erakundeek behin eta berriz salatu dituzte fenotipoa aintzat hartuta, hau da, pertsonaren itxura fisikoa abiapuntu dela, poliziek egin dituzten identifikatzeak, eta azkenean aurten gobernuak Zirkular bat argitaratu behar izan du honelako sarekaden eta kuotakako atxiloketen egitatea aitortuz. SOS Arrazakeriaren ASBetan hainbat salakuntza jaso ditugu Iruñean, Madrilen, Bartzelonan edota Donostian horrelako sarekadak egin dituztela berretsiz; Donostiako kasuan, Caritasen egoitza batera zihoazen etorkinak identifikatzera iritsi ziren.

Gutxiegi, integrazioan. Jende etorkina integratzeko lanabes garrantzitsuak izan behar luketen bi baliabideren onespenarekin amaitu zen 2011. urtea: Hiritartasun eta Integrazio Plan Estrategikoa (PECI-2) eta Arrazakeria, arraza diskriminazioa, xenofobia eta gisako beste intolerantzia eren aurkako Estrategia integrala. Baina aurreko gobernuak bultzaturiko egitasmoak izanik eta egungo krisi egoera hain larria denez, egungo gobernuak alor honetan erakutsi duen ardura eskasarekin bat eginda, gobernuaren integrazio politiketan antzematen den geldotasun nabarmena erakartzen bide dute. Horren frogagiri dira integrazioa bultzatzeko diru-funtsek arestian pairatu duten murrizketa.

Diskriminazio etnikoa mailarik gogorrenean nozitzen jarraitzen du herri ijitoak, ez soilik Estatu espainolean, baita ere Europa osoan. 2010reko udan Frantzian jazotakoaren ondoren, herrialde horretako gizarte erakundeek egiaztatzen dute Europa Ekialdeko ijitoen kanpalekuak berriro beteta daudela. Londresen 1970reko hamarkadatik zegoen Dale Farm kokalekua bortxaz hutsarazi izanak, edota Bulgaria eta Txekiar Errepublikan ematen ari tirabirek panorama iluna islatzen dute, aurtengo martxoan Espainiako gobernuak “Espainiako Populazio Ijitoaren Gizarte Integraziorako Estrategia 2010-2020” egitasmoa onartu badu ere.

GOGOETA-BIDE POLITIKOA ETA GIZARTE ARRAZAKERIA. Espainiako gizarteak migrazio fenomenoaren aurrean erakutsi duen jarrera oro har ona izan da. Gatazkei dagokienean, esan genezake ez direla aipagarriak izan, Europako beste zenbait lekuetan gertatuarekin alderatzen baditugu. Baina analisi hau zuzena bada ere, ezin gara auto-atseginkerian murgildu, edozein unetan ager daitekeelako gatazka. Katea nondik eten daiteken aurreikustea eta hori gerta ez dadin aldez aurretik neurriak hartzea denon (elkarteen, ikerlarien zein politikoen) betekizuna da; horrek ez du esan nahi ordea denen erantzukizuna berdina denik. Gatazkak bereziki kezkagarriak dira jende musulmanaren eta meskiten eraikuntzaren arbuioen kasuan. Adibidez, iragan udal hauteskundeetan alderdi politiko batzuek immigrazioari buruz agertu duten gogoeta-bidea aintzat hartzen badugu, argi dago alor honetan behar litzatekeen pedagogia politikoaren kontra-kontrako bidean goazela. Otoitz leku musulmanak irekitzearen aurka Katalunian gertatu direnez gain, Gasteizen eta Bilbon eman direnak ere aipa genitzake.

Gizarte gastuen murrizketek bazterketak gehitzen ditu eta bide batez gatazkak sortzeko aukera ugaltzen dira. Krisi egoeretan, baliabideak eskuratzerakoan konpetentzia sentipena biziagotu egiten da. Beraz, egiten diren inkestek damaiguten benetako berritasuna ez datza immigrazioarenganako arbuioa erakusten duten jarreren hazkunde jarraituan, baizik gogoeta-bide identitario eta asimilatzailearen gorakadan. 2006-2007an nagusi zen inbasioaren gogoeta-bidearen ordez, orain, 2011n, konpetentziaren gogoeta-bidea ageri zaigu, eta ez bakarrik baliabide urriak dituztenen artean, baita beren erosotasun sozialagatik balizko konpetentzia horren eraginik nozitu ezin dutenen artean ere. Bestalde, gero eta nabariagoa da arbuio jarrera horien arteko mailakatzea etorkinaren naziotasunaren arabera; magrebtar eta afrikar jatorrikoek jasotzen dute arbuiorik gogorrena.

LAN, GIZARTE ETA POLITIKA ESKUBIDEAK ESKURATZEKO DISKRIMINAZIOA. Hauxe da albiste gutxien sortzen duen atala, eta halaz eta guztiz ASBetan jasotako salaketa gehienen zioa da. Jasotako salaketen %40 leku publikoetan, etxebizitzetan (agentzietan), lanbidean, hezkuntzan, osasungintzan edota gizarte zerbitzuetan jasandako diskriminazioei buruzkoak dira. Emaitza honek frogatzen du funtsezkoa dela ez bakarrik salaketak jasotzeko erak zehaztea, baizik gisa horretakoak konpontzeko protokoloak, egun existitu ere egiten ez direnak, finkatzea. Aipaturiko alor horien artean bi dira kexu gehien bilbatzen dituztenak: salaketen hiru laurden, lanbide diskriminazioen eta leku publikoetako sarbideari buruzkoen artean biltzen dira.

Etxebizitza edota hezkuntza eskuratzea, edo denbora-pasarako leku publiko batera sartu ahal izateko, eskubidea aitortu behar da aldez aurretik. Eta horretan datza eragozpenik handiena administrazioaren aldetik, auziaren ardatzari, integrazioari eskubideen saihetsetik ekiteari muzin egiten jarraitzen baitu. Txosten honen aztergaia ez bada ere,ezin dugu aipatzeke utzi egoera irregularrean aurkitzen den jende immigranteari osasungintzarako sarbidean ezarri zaion murrizketa. Honelako neurriak, nahi genukeenaren alderantzizko bidean aurreratzen dira, jende multzo oso bat estigmatizatzen dute eta iritzi inkestetan gero handiagoa den migrazioekiko “herabe” deitu horien multzoa gizentzen laguntzen dute.

SEGURTASUN ERAKUNDEEN GEHIEGIKERIAK. Estatu espainola da, Bulgaria, Zipre, Grezia eta Portugalekin batera, gorroto delituen eta arrazakeriaren astungarria nabarmentzen duten delituen estatistikak egiten ez dituzten bost herrialde europarretako bat. Informazio hori ez edukitzea ez da soilik estatistika datuen eskaintzan pairatzen den huts garrantzitsu bat; justizia eskuratzerakoan zailtasun gehitua ere bada, aldi berean. Halaz eta guztiz, esandakoaz haratago, geure Aholkularitza eta Salakuntza Bulegoen bitartez ikusi ahal izan dugu ugaritzen ari direla kasuak non protagonista baita polizia indarren bat edota segurtasun pribatuko enpresaren bat. Eta azpimarratu beharrekoa da honelako kasuak nekez iristen direla eguneroko prentsara, ez direlako gai interesgarriak, besteak beste, honelako gertakariak biktimaren esparru pribatuan geratzen direlako eta epaitegietara ere helarazten ez direlako. ASBetan jasotako salakuntzen %30 gai honi buruzkoak dira. Direla erkidegoetakoak (mosso d’esquadrak edo ertzainak), direla beste maila batekoak (udaltzainak, polizia nazionalak), polizia gorputzaren araberako bereizkuntzarik ez da nabaritzen. Lurralde ezberdinetan jasotako salakuntzetatik, ordea, ildo komun batzuk ondoriozta daitezke: erasoak edota gehiegikeriak frogatzea zaila gertatzen dela eta polizia gorputzek salatzaileak salatu egiten dituztela autoritatearen aurkako atentatuagatik. Laburbilduz, esan dezakegu jarrera arrazista eta xenofoboek eragindako polizia gehiegikeriak gaur egun egitate isilpetua direla eta ezkutaketa hori galarazteko garaia dela.

ESKUIN MUTURRA, EUROPA ETA POPULISMOA. Europako politikan, 2011. urtearen bereizgarria, ezbairik gabe, “arabiar udaberria” deitua izan da. Hasiera batean Europa zaharrak Tunisia edota Egiptoko errejimen totalitarioen eraispenari egin zion ongietorria, berehala bilakatu zen kezka, lehenik, eta errepresio, jarraian, egun batzuk lehenago iraultzailetzat hartuak zirenak Italiako kostaldera iristen hasi zirenean. Testuinguru honetan, Frantziako eta Italiako gobernuak ausartu ere ausartu egin ziren Europar Batasunaren eraikin gero eta ahulagoari eusten dioten zutabeetako bat kolokatzen. 2011ko apirilean Schengeneko ituna aldatzeko egin zuten proposamenaz ari gara, jakina. Azkenean, Europar Parlamentuaren eta Batzordearen lehendakariaren kritikekin bada ere, JAI-Justizia eta Barne Arazoetako Ministroen Kontseilu Europarrak onartu egin du mugetako kontrolak berrezartzea Schengen esparruan eman daitezkeen migrazio boladei aurre egiteko. Honelako proposamenek, zenbait herrialdek gero eta sakabanatuago dabilen Europan migrazio politikari eusten dioten tresna minimoetatik haratagoko neurriak har ditzaten bideak irekitzen dituzte.
Finlandia, Danimarka, Suitza edota Hungariak hauteskundeak egin dituzten 2011n, populista deitu ohi diren partiduen gorakada nabariarekin kasu guztietan. Populismoaren profila zehaztea ez da batere erraza, Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan edota Kataluniako udal hauteskundeetan ikusi dugun bezala, alderdi kontserbadore errespetagarriak ere murgil baitaitezke populismo horretan. Herrialde bakoitzean kausitzen diren berezitasunez landa, fenomenoak jite europarra du nabarmen, eta honelako gogoeta-bideek gizarteari oro har erakar diezazkiokeen ondorioak serioski hausnartzea komeni da. CISen inkestek adierazten dutenez, bada gure artean hiritarren %20 bat, klase sozial ertain altu samarrean batik bat, immigrazioaren eta komunitate musulmanaren arbuioa ardatz lukeen eskuin muturreko alderdi baten agerpena begi onez ikusiko lukeena. Bestalde, azken bi urte hauetako hauteskunde lehietan ikusi ahal izan da gogoeta-bide populistak ez erabiltzeko balizko konpromisoak pikutara joaten direla botoak lortu nahiaren estutasunean, herrialde honetan dugun pedagogia politikoaren isla ere badelarik dena.

Uztailaren 22an Norvegian gertatu zenak, Anders Behring Breivik erotuta ote dagoen ala ez eztabaidatzetik haratago joanarazi behar gintuzke. Hilketa horietan bada ezberdinarenganako, eta bereziki Islamarekiko, gorrotozko sustrai bat. Gogoeta-bide populistak islamofobia gartzen du eta gizarteak azkenean ez daki bereizten ea sinesmen islamdarra duten pertsonak diren, arabiarrak bai baina erlijio islamdarrekoak ez direnak ote diren, edota Islamarekin identifikatu bai baina erlijio praktikarik gabekoak ote diren. 

ONDORIOAK ETA PROPOSAMENAK

“Intentsitate baxuko” arrazakeria gehitzea, lanbide diskriminazioan, leku publikoetara sartzerakoan, etxebizitza agentzietan eta gizarte eta osasungintza zerbitzuetan.

PROPOSAMENA: Jarduera Protokoloak ezartzea salakuntzak baliagarriak izan daitezen.

Gorrotozko delituak eta arrazakeriazko astungarria duten delituei buruzko estatistikak egin daitezela exijitzea, beste behin. Poliziaren gehiegikeriak, hazten ari diren eta isilpean jarraitu ezin duten egitateak dira.

PROPOSAMENAK: 1) Gorrotozko eta diskriminaziozko delituetan espezializaturiko Fiskaltzak ugaritzea. 2) Polizia indarren abusuak salatzen dituztenen aurka sistematikoki autoritatearen aurkako atentatu salakuntzak ezartzea eragoztea.

Integrazioaren geldialdia. PECI-2 Hiritartasun eta Integrazio Plan Estrategikoa eta Arrazakeria eta arraza bereizkeriaren aurkako Estrategia Integrala bezalako tresna garrantzitsuak ez dira garatzen.

PROPOSAMENAK: 1) Tratu berdina eta ez diskriminatzailea bermatzeko legea lehenbailehen onartu. 2) Erakundeen alorrean arrazakeria eragozteko neurriak ezarri.

Iritzi inkestek adierazten dute inbasioaren gogoeta-bidetik immigranteen integrazioaren eta baliabideak eskuratzeko lehentasunaren erretolikara igarotzen ari garela. Bestalde, gero eta nabariagoa da etorkinaren jatorriaren arabera ezberdinak direla errefusamendu jarrerak; magrebtar eta afrikar jatorrikoek jasotzen dute arbuiorik gogorrena.

PROPOSAMENAK: 1) Adierazpen askatasunaren mugei eta immigrazioari aurka egiteko “dena dela onargarria” deritzotenei buruzko eztabaida zabaltzea gizartean nahiz erakundeetan. 2) Eztabaida hori premiazkoa da interneteko iritzi-guneei eta hedabideen edizio digitaletako iruzkinei dagokienean.

        Bizilagunak Poster Aldatuta

 Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web