Gipuzkoa solidarioa. Bizilagunak

Mugak57

Unzurrunzaga, Agustin

Gipuzkoa Solidarioaren bigarren edizioa dugu aurtengoa, eta Bizilagunak goiburua aukeratu dugu. Harreman eta elkartasun historia asko ditugu Gipuzkoako herri eta auzoetan, bertako eta kanpotik etorritako pertsonen artean. Eguneroko solidaritate hori ekarri nahi izan dugu hona, pairatu behar diren eragozpen guztien gainetik bizitza errazten duten balio horiek ezagutarazi nahi izan ditugu, xenofobiaz haratago badela zailtasunei aurre egiteko beste era eraginkor eta iraunkor bat erakusten dutelako.

Gipuzkoan gaur egun 700.000 pertsona inguru bizi gara; horietatik 44.000, populazioaren %6a baino gehixeago beraz, atzerritarrak dira, 110 bat herrialde ezberdinetatik etorritakoak. Eta guztion artean antolatu beharko dugu geure bizimodua gizartean, aintzakotzat hartu gabe zein den gutako bakoitzaren jatorri nazionala, azalaren kolorea, praktikatzen dugun erlijioa, baldin eta baten bat praktikatzen badugu.

Gizarte hau anitza izan da beti, eta hala izango da aurrerantzean ere, krisi ekonomikoaren eta 2008ko hirugarren hiruhilekoaz geroztik errejimen orokorra itxi izanaren gainetik. Egia da horrek erakarri duela datozen pertsonak gutxitzea eta doazenak ugaritzea, batzuk, bakanak esango nuke, sorterrira itzultzen direlako, edota gero eta gehiago direlako emigratzen dutenak, batez ere Europako beste herrialde batzuetara, Kanadara, Ameriketako Estatu Batuetara eta goraka doazen herrialde horietako batzuetara. Pixkanaka-pixkanaka, krisia eta honen kumea den langabezia masiboa luzatzen bada -eta gaur egun eskura ditugun datuekin hala dirudi-, uste dut immigrazioa eta emigrazioa uztartzen zaizkiguneko egoera batean aurkituko garela etorkizunean.

Guztiz jakitun gara Gipuzkoan bizi garen pertsona guztiak ez garela egoera berberean aurkitzen. Biztanleetako batzuek bizitzeko baimen baten baitan daude, hura eskuratu eta berritu ahal izatearen baitan. Halaz eta guztiz ere, eta zailtasunak eduki arren, horrela dauden pertsonen %70 baino gehiago, bosna urteko baimenekin daude, bai Europar Batasunekoei dagokien errejimenarekin daudelako, bai epe luzerako baimenak edo iraunkorrak dituztelako.

Etorkinek, itxitasun edota isolamendu egoerak ematen ez direlarik, beti ere gizarte-egokitzapen prozesu aktiboak burutzen dituzte. Gizarte ezberdin batera etorri dira, non eguneroko ohiturak, lan-ordutegiak, lan eta gizarte-harremanak, lan egiteko erak eta usadioak, elikadura, jaiak, denbora-pasarako lekuak eta aukerak, eguneroko bizimodua antolatzeko era, administrazioekiko harremana, gizarte-arauak, hitz egiten diren hizkuntzak, beren seme-alaben eskolak, ezberdinak baitira beren sorterrikoen aldean, erabat batzuetan eta pittin bat besteetan. Bakoitzaren bizimoduaren atal funtsezkoak berrantolatu behar izaten dira. Eta ez da erraza prozesu horiek burutzea hartzaile duten gizarte ingurumena ez bada abegikor samarra.

Prozesu hauek bidearen erdian geratuko lirateke, edo behintzat burutzen askoz zailagoak izango lirateke, etorkinen beraien gogoaren baitan baleude soilik. Baina gizarteak ere, etorkinak hartzen dituen gizarteko pertsonek, egoera horretara egokitu egin behar dute. Eta gehiengoa direnez, beraiei dagokie prozesua erraztuko duten bitartekoak ipintzea.

Gaur, legeetatik, zailtasun sozial edo politikoetatik, susmo, beldur eta fobietatik haratago, eguneroko bizitzan solidaritate, elkar laguntza, bertako pertsonen eta etorkinen arteko adiskidetasun adierazpen ugari daudela erakutsi dugu. Bizitza, askotan berez ere gogorregia dena, atseginagoa egitea da harreman horien balioa. Gu guztion erosotasuna errazten dute, gizarte hobea egiten laguntzen dute, xenofobiak eta arrazakeriak gizarte-bizimodua baldintzetako duten gaitasun horren espazioa gutxitzen dute.

Pertsona ezberdinen artean, bakoitzaren ideologia eta izaeratik haratago, ematen den harreman hori, eguneroko balioak dei genitzakeenetan oinarritzen da. Eta balio horien berezitasun onuragarria da edonoren eskura daudela. Bi nabarmenduko nituzke: beste pertsonenganako ardura eta nor bere buruarekin koherente izan nahia. Eguneroko balio hauek, pertsona zehatzei on egiten dietenak, hain zuzen pertsona direlako, haren atzerritartasuna eragozpentzat hartu gabe (babes harrera bat, paperak egiten lagundu, koadrilan sar dadin aukera eman, larrialdi zerbitzuetara lagundu eta itzultzaile lanak egin, bertako hizkuntza edo hizkuntzak erakutsi, eta bildu ahal izan ditugun hainbat istorio ezberdin) dira hain zuzen ere ekitaldi honetan aldarrikatu nahi ditugunak.

Badirudi ekintza hauek zuzenki politikoak ez direnez, helburu politiko zehatzik ez dutenez, bigarren planoan utzi beharrekoak direla. Guri ezetz iruditzen zaigu. Horrelakoei buruz hitz egitea oso onuragarria dela diogu, ekintza zintzoak direlako eta era soil eta praktikoan aurre egiten dietelako benetan kezkagarriak iruditzen zaizkigun beste egunerokotasun batzuei.

Duela pare bat hilabete, irailaren 13an, hil zen Bartzelonan adiskide eta gai hauetan irakasle genuen norbait, Ignasi Alvarez Dorronsoro. Gipuzkoan orain dela hamaika urte argitaratu genuen haren idazkietako baten zatitxoa irakurri nahi nuke amaitzeko, gaur hona ekarri gaituen gaiarekin zerikusia duten arazoak aipatzen dituelako bertan:

“El Ejidoko gertaeren inguruan berriki idatzi duen artikulu batean, geurea bezala etorkinen hartzaile diren gizarteei immigrazioak aurpegiratzen dizkien erronka handiak hausnartzen zituen Carlos Gimenezek. Horietan lehendabizikoa da hartzaile den gizarteak aitortzea etorkinak ez direla lan-esku merkea, eskubideak dituzten pertsonak baizik. Immigranteen integrazioa, zioen, etortzen denari bezainbestean dagokio gizarte hartzaileari. Biren arteko eginkizuna da, eta Javier de Lucasek gogorarazten zuen moduan, biak ala biak aldarazten ditu.

Etorkinen ezaugarrien baitan bezainbeste dago integrazioa harrerako ingurugiroaren baitan, hau da, immigrazio legeen, kupoen izatearen edo ez izatearen edota egoitzaren baldintza legalen baitan; baita lanbide, etxebizitza edota etorkinek beren bizi kalitatea hobetzeko eduki ditzaketen itxaropen aukeren baitan ere...

Elkarrekin bizitzeak ezinbestekoak dituen liskarrekin handitu egiten dira beldur hauek; haatik, eta hori ere beti erraza izango ez den arren, denon artean bizikidetza era berriak eraikitzen ikasten hasteko abiapuntua izan behar lukete. Zalantzarik gabe, prozesu horrek ezinbestekoa du borondate on mordoa alde bietatik baina, batez ere, ematen den asimetria aintzat hartuz, indartsuena edota ahultasun gutxiena duenaren aldetik".

        Bizilagunak21

  Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web